XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

LURZORU/LANDARE/HERBIBORO SISTEMA: LARRATZEAREN ERAGIN OROKORRAK

Elika-sareen eta energi-jarioen arabera, bizidun fotosintetizatzaile autotrofoak eguzkitiko energia erabiliz eta karbono dioixidotik eta gai inorganikoetatik abiatuta gai dira mantenugai organikoak sintetizatzeko.

Bizidun fotosintetizatzaile hauei lehen mailako ekoizleak deritze.

Bestelako bizidun ez fotosintetizatzaileak, modu zuzen ala zeharkako batean bizidun hauen menpe daude, karbono-iturri bezala konposatu organikoak erabiltzen baitituzte.

Bizidun horien artean herbiboroak daude: landare fotosintetizatzaileak jaten dituzte eta horien bitartez beharreko energia lortzen dute.

Herbiboro hauetaz elikatzen diren karniboroak ere badaude, baita deskonposatzaileak ere, hauek materia organikoa erabili eta materia inorganikoa lortzen dute berriro ere landareek har dezaketena.

Prozesu hauek guztiak naturan oso konplexu bilakatzen dira elementu askok elkarri eragiten baitiote.

Larre/herbiboro sistema sare konplexu honetan muga daiteke, honela larrea osatzen duten landare-espezie belarkarak fotosintetizatzaile eta lehen mailako ekoizleak dira.

Era berean, larrean bazka aurkitzen duten abere eta animaliak kontsumitzaileak dira eta landare fotosintetizatzaile horietan datza euren elikadura.

Abere hauek euren bazkaren digestioa egin ondoren larrera berriro ere gorotzak bota eta gernu bidezko isurketa egiten dute.

Deskonposatzaileen bidez berriro ere lurzoruko elementu hauek landareentzat eskuragarri bihurtzen dira.

Oro har, lan honetan abere herbiboroez eta hauek larrean sortzen dituzten efektuez hitz egiten ari gara.

Larrea erabiltzen duten abereak, hauen banaketa eta kopurua, baita larratze-garaia ere, landaredian eragiten duten faktoreak dira: herbiboro espezieek elikatze-lehentasunak eta larratze-jarrera ezberdinak dituzte, euren beharrizan metabolikoen eta elikadura-murriztapenaren araberakoak.

Kontsumorako hautespena dela eta, komunitate-mailan landare arteko lehiakidetzan aldaketak gertatzen dira.

Hori dela eta herbiboro-espezie guztiek ez diete berdin eragiten landare-komunitateei.

Herbiboroek eragindako ondorioen artean elikagaien birbanaketa, elikagaien birziklapen-tasaren aldaketak, larratzearen bidezko elikagai-sarreraren igoera eta amonioaren lurruntzearen bidezko nitrogeno-galera aipa daitezke.

Larratze intentsiboaren aurrean landareek dituzten askotariko erantzunek sistemari eragin diezaiokete: sustraietako karbono-banaketa murrizten da, eta honek sustraien hazkuntzaren eta biomasaren murriztea dakar, sustraietako nitrogenoaren berariazko metatzearen eta hostoetako nitrogeno-kontzentrazioaren gorakadarekin batera.